|
URBASA-ANDIA P. NATURALA Urbasa eta Andia mendiek luze-zabalera handia duen parke naturala osatzen dute, Nafarroako Foru Erkidegoaren ipar-mendebaldean. 
Pagadi ikusgarriek lur gehiena hartzen dute, baina haietaz gain, astigarrak, haginak, ipuruak eta pinuak aurki ditzakegu bertan. Soilguneetan -1000 metro ingurutik gorako altitudean kokaturiko lautadak- basoaren ordez, hor-hemenka txilarrak eta elorriak dituzten belardiak aurkituko ditugu. Ingurune hauetan oso ohikoa da behorrak eta ardiak bazkatzen ikustea.
Urbasan amildegi eta kobazulo ugari dago. Ondorioz, oso toki interesgarria da espeleologia maite dutenentzat. Oso gomendagarria da parke naturaleko informazio-zentroa bisitatzea, bertan lekuaren balioei buruzko informazio zehatza baitute, betiere paisaiaren, ekologiaren eta kulturaren ikuspuntutik. Severinoren bordak- egun interpretazio-zentro bihurturik- artzainen bizimodua gogorarazten digu. Bordak artzainak eta abereak babesteko mendiko edo basoko etxetxoak dira. Urbasan hainbat begiratoki daude, ikuspegi paregabeez gozatzeko aukera ematen digutenak. Hona: Pilatosen Balkoia, Urederraren iturburuaren zirkuaren goiko aldean kokaturik (sarrera NA-718an); Lizarragako behatokia (sarrera N-120tik) eta Urbasako jauregiaren ondoan kokaturiko mahai panoramikoa (sarrera NA-718an). 
Urederrako iturburua toki zoragarria Urbasa mendiko kareharrizko harresien magalean ezkutaturik aurkituko dugu. Naturaren egiazko miraria da. Sentsazio harrigarriez beteriko esperientzia da iturburuaren ur-jauziaren bila joatea pago, ezki, sahats, hurritz, hagin, haritz eta otsalizarren artean.
|